Year: 2019
Type: article
Abstract: Zentsura-itzulpena-ideologia loturak oinarri hartuta, bikoitza da lan honen xedea: iker-keta-programa bat proposatzea eta eskura ditugun datuak sailkatzen hasteko adibide bat eskaintzea. Batetik, eremuen teoriaren araberako ikerketa-programa bat aurkezten da, lehe-nago proposatu izan direnen osagarri, euskal ikasketetan zentsura eta itzulpena elkarrekin gurutzatzen diren esparruetako eragin sortzaileak eta ezabatzaileak agerrarazteko; izan ere, funtsezkoa da gisa horretako marko orokor bat, ikerketa-esparru berriak ikusarazten dituena, Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa-taldea (MHLI) Archivo General de la Administración (AGA) erakundean egiten ari den hustuketa-laneko datuak sailkatzeko. Ildo horretan, ikerketa-galderak proposatzen dira marko horren bidetik, besteak beste, AGAko datuak ustiatzeko. Bestetik, ikerketa-programa hori baliatzen da euskal eremuko Frankismoaren zentsura instituzionalari buruzko datuak sailkatzen hasteko (testu idatziekin lotutako zentsura-kasuen adibideetara jotzen da) eta itzulpena ukitzen duten gizarte-egitu-ren osagaiak eta diskurtsoak, sortutako eta ezabatutako corpusak eta kanonak, eta zentsura ekiditeko edo zentsuratzeko itzulpen-estrategiak hizpide hartzeko.
Source: Euskera ikerketa aldizkaria
Author: Ana Gandara
Institution: University of the Basque Country
Language: Basque
Subfield: Cultural Studies
Field: Social Sciences
Domain: Social Sciences
Open Access status: diamond
OpenAlex ID: W4381686608
