Work

Hiriko Ingurumen-Matrizeen Karakterizazioa. Nola eragiten dute Drainatze-Sistema Jasangarriek Isurketa-Uren Kalitatean / Characterisation of Urban Environmental Matrices. Which is the effect of Sustaina

Year: 2026
Type: dissertation
Abstract: Doktoretza-tesi hau ingurumen-kimika analitikoaren arloan kokatzen da, eta alde batetik, giza jarduerek hiriko ingurumen-matrizeetan (lurzoruak, sedimentuak eta isurketa-urak) duten eragina aztertzen da, eta bestetik, drainatze-sistema jasangarriek (SUDS, ingelesez Sustainable Urban Drainage Systems) eragin horiek murrizteko duten eraginkortasuna ebaluatzen da. Emaitzek erakutsi zuten hiriko aisialdi-guneetako lurzoruek naturalki dagokiena baino metal eta metaloide presentzia handiagoa zutela giza jardueren ondorioz. In vitro bioeskuragarritasun-testak aplikatuta, lurzoruetan zeuden metalek giza osasunerako izan dezaketen arriskuaren estimazio errealistagoa egin ahal izan zen, giza digestioan mobiliza zitezkeen kutsatzaileen frakzioa kontuan hartuz. Horretarako SBET in vitro metodologia sinplifikatua eta RIVM in vitro metodologia hedatua aplikatu eta konparatu ziren. Bioeskuragarritasuna eta horri lotutako arriskua simulatutako digestio-baldintzen araberakoa izan zen: SBETek bioeskuragarritasun-balio handiagoak, eta beraz, emaitza kontserbadoreagoak eman zituen. SBET metodoko emaitzen arabera, aztertutako jolastoki batzuetan haurrentzat arrisku ez-kartzinogenoak gerta zitezkeela ondorioztatu zen. Beste alde batetik, drainatze-sistemetan (hidrozikloietan, zehazki) erretenitutako sedimentuak metal(oide)etan eta PAHetan aberastuta zeuden, eta mikroplastikoak ere identifikatu ziren. Sedimentu horiek uretako organismoentzat toxikoak izateko probabilitate ertain (%21) edo ertain-altua (%49) zutela kalkulatu zen, Sedimentuen Kalitate-Gidalerroak (SQG, ingelesez Sediment Quality Guidelines) jarraituz. Konponbideei dagokienez, SUDSak kutsatzaileen transferentzia murrizteko tresna eraginkorrak direla frogatu zen. Hidrozikloiek kutsatutako sedimentuak erretenitu zituzten, eta ondo diseinatuz gero, Uraren Kalitate Indizean (WQI, ingelesez Water Quality Index) %38-54 bitarteko hobekuntza ekar zezaketela ikusi zen, isurketa-uretako uhertasuna eta zenbait metalen (Al, Cu) kontzentrazioa murriztuz. Bestalde, zoladura iragazkorrez eta ur-biltegi batez osatutako SUDS konbinatua isurketa-ura kudeatzeko sistema interesgarria zela ondorioztatu zen. Zoladura iragazkorrei esker isurketa-uren kalitatea nabarmen hobetu zen, uhertasuna, esekidurako solidoak eta zenbait metalen (Fe, Mn, Ba, Cu) kontzentrazioa murriztuz isurketa-uretan. Ur-biltegiko urak ez zuen arrisku ekologikorik aurkeztu ur-ekosistemarentzat, eta horrek ura berrerabiltzeko aukera zabaltzen du. Oro har, tesi honek, batetik, hiriko ingurumen-matrizeak monitorizatzearen garrantzia azpimarratzen du, kutsadurari lotutako arriskuak ebaluatzeko, eta bestetik, SUDSek hirien kudeaketa jasangarrian duten funtsezko funtzioa berresten du.
Open Access status: green
OpenAlex ID: W7167385510
Cites: 310
Cited by:
Related to: 10