Euskaltegi-kurrikuluak egiteko jardunbide bat
Year: 2004
Type: article
Abstract: Helduen euskalduntzean mugarri bat jartzera zetorren Kultura sailburuaren 2000ko urtarrilaren 24ko Agindua (EHAA, 2000).Agindu honek, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua (HEOK) onartzeaz gain, hiru urteko epea ematen zion euskaltegi bakoitzari EKP egin zezan (EKP: Euskaltegi Kurrikulu Proiektua), bere izari-ezaugarrien arabera eta HEOK dokumentua erreferentziatzat hartuta.Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia-ren harian (Hizkuntza Politikarako Sailordetza, 1999) zetorren Agindua, eta helduen euskalduntzea eraberritzea eta indarberritzea helburu duen egitasmo handiaren baitan.Aginduak, horretarako, bi baliabide nagusi jartzen zituen indarrean: batetik, euskara-i(ra)kaskuntzaren planteamendu berria, HEOK dokumentuak jasotzen duena; eta, bestetik, euskaltegi-kurrikulua.Euskara-i(ra)kaskuntzaren planteamendu berriak urteak zeramatzan hezurmamitzen, planteamendu komunikatiboaren izenburupean; batez ere, metodologiaren arloan.HEOK dokumentuak kurrikuluaren gainerako ardatz nagusiak ere -metodologiaz gain, helburuak, edukiak eta ebaluazioa-aintzat hartzen ditu planteamendu horren baitan; eta, gainera, bide berri bat ere proposatzen du metodologiaren arloan: atazen bidezko i(ra)kaskuntzarena.Baina Aginduak dakarren berrikuntza bete-betean atzemateko, ezinbestekoa da euskaltegi-kurrikuluarena ere egoki ulertu eta pixkana gauzatzea.Honek funtsezko aldaketa suposatzen du aurreko programekiko (HABE, 1981; 1983; EHHA, 1987; HABE, 1989).Hauek aplikatu egin behar zituzten euskaltegiek; HEOK dokumentua, ordea, erreferentzi markotzat eskaintzen da, euskaltegi bakoitzak bere kurrikulua egin dezan.Aplikatu eta egin horien artean dago funtsezko aldaketa.Aplikatu, edozeinek aplika dezake.Egin, irakasle profesionalak eta adituak ez bestek.Euskalduntzea eraberritzeko eta indarberritzeko egitasmoa G Ga ai i m mo on no og gr ra af fi ik ko oa a Aldaketa handia, funtsezkoa, oinarrizkoa, eragin nahi du Aginduak helduen euskalduntzean.Aldaketa bera ematen ari da, aldez edo moldez, hizkuntza gai duten jakintza-arlo guztietan: hizkuntzaren filosofia, hizkuntzalaritza, psikolinguistika, soziolinguistika eta abarretan.Hain da handia aldaketa, paradigma-aldaketaz ere mintzo baitira jakintza-arlo horietako adituak.Paradigma-aldaketa dakarren neurrian, egitasmo berriak ez du ez atzerabiderik, ez itzulbiderik.Horregatik jartzen du mugarri bat helduen euskalduntzean.Mugarri bat jarri eta aro berri bat hasi.Izan ere, paradigma-aldaketa honek, beste guztiek bezala, urteak beharko ditu bideak urratu eta gailentzeko.Ez da, ordea, ez aldaketa bakana eta ez itxia.Euskararen irakaskuntza ez ezik, antzeko aldaketan murgilduta daude beste hizkuntzenak ere.Eta arreta handiaz jarraitu beharko dugu besteren ekarpenei begira.Are gehiago, ekarpen horiek -adibidez, Europako Kontseiluaren Erreferentzi Marko Europar Bateratua (Europako Kontseilua, 2002)-gure eginahala bermatzera eta albokoekin homologatzera datozenean.Baina nola gauzatu eta hezurmamitu oinarri-oinarrizko eraberritze hori?Nondik hasi?Hain zuzen, galdera horiei erantzutera zetorren Agindua, hiru urte emanez euskaltegiei EKP egin zezaten, bakoitzak bere izari-ezaugarrien arabera eta HEOK dokumentua erreferentziatzat hartuta.Kurrikulua egitea.Hori da, Aginduaren arabera, euskalduntzearen eraberritzearen giltzarria.Egitea; beraz, ez aplikatzea, esan berri dugunez.Kurrikulua egitea ez da, ordea, dokumentu bat egitea soilik.Prozesu bat da, prestakuntza eskatzen du eta, azken batean, irakaslea ikertzaile bihurtzea du helburu.Eta, horretaz gain, talde-lanean aritzea eskatzen dio irakasleari; irakasle-taldearen eskaintza didaktikoa baita euskaltegi-kurrikulua.Euskaltegi-kurrikulua, bestalde, bigarren zehaztapen-mailatzat ere har daiteke.HEOK litzateke lehen zehaztapen-maila; euskaltegi-kurrikulua, bigarrena; eta ikastaro bakoitzaren kurrikulua, hirugarrena.Hori, gauzak goitik (administraziotik) behera ikusita.Baina behetik gora ere ikus daitezke, ordea: eguneroko jardunetik HEOK marko orokorrera.
Authors: Lourdes Elosegi, Pello Esnal Ormaetxea
Language: Basque
Subfield: Cultural Studies
Field: Social Sciences
Domain: Social Sciences
SDG: Quality education
Open Access status: green
OpenAlex ID: W198623244
